XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BERTSO ESKOLAK

IRAGANARI BEGIRA

Testua: Jesús Mari Irazu

Amets egitea hain fenomeno hedatua izanik inor gutxik ihes egiten du bere babes goxopetik, non eta ametsak berak atez kanpo uzten ez duen edota oso filosofia berezikoa ez den.

Nere betiko ametsetako bat bertsolari izatea zen.

Bertsotan aritzea, bertsotan komunikatzea, bertsotan bizitzea.

Baina horretarako, jakina, estraina ikasi egin behar da.

Baserri giroak berriz, bertsotan ikaste lanerako ia mesede aina kalte zekarkidan, inguruan bapatean aritzen zenik ez izatean bertsolari munduarekin harremana eragotziz eta lanketa bide autodidakta antzu xamar batetara behartuz, ordainetan berari zor dizkiodan zer eskertzeko franko jaso badut ere.

Bertsolari munduarekiko hesia Tolosako Bertso Eskolan sartzeari esker apurtu nuen eta bertan eman nituen nere lehen urratsak Jokin eta Jexuxen laguntzapean.

Tolosako astean behingo bilerak gutxitxo zirela eta Hernani aldera tarteka tarteka bisitak egiten hastea bururatu zitzaidan.

Beldurrak eta errezelo hutsalak aukera hori eragozten zidaten.

Hiru aldiz txapeldun izanak, han eta hemen beste zenbait txapel eta sari irabazitakoak jadanik gerri lodiko pagoak ziren bertsolaritzaren basoan, eta ño, itzal gehiegi landaretxo batentzat!

Horrela bada bai hesiak eta bai beldurrak apurtuz ahal zen bezela baina beti ere intentzio pixka batekin aurrera egiten saiatzea bezelakorik ez nuela eta ekin nien asteroko bisita-jardunaldiei .

Lehenengo egunak estuasun eta kalbarioz beteak suertatu bazitzaizkidan ere berehala ohartarazi ninduten Hernaniko taldearen asmoa ez zela inori itzal ematea, laguntzearena, argi ematearena baizik.

Zer izango horren adierazgarririk hoberena eta elkartzen hasi eta handik hiru edo laugarren astera gertatua.

Anatxek (bertso eskola bereko bertsolaria) Hernaniko auzo batean berarekin batera kantatzeko gonbitea luzatu zidan.

Ez nuen bada gutxi estimatu aukera huraxe!

Anatx, Aterpe, Hernaniko bertsolari heldu bat eta hirurok egin genuen nere lehenengo jendeaurreko bertso saioa.

Zilegi bekit, bide batez, saioaren inguruko anekdotatxo bat kontatzea norbaitek holakoetan egin izan ori diren tranpatxoen berri ez baleki ere.

Saioa sagardotegi batean zela ulertu nion eta jendaurrean kantatzeko gai izango ez ote nintzen beldurrez, kakalarritu xamartuta nonbait, sagardotegian girotutako dozenaerditxo bat bertso idatzi eta ikasi nituen, bapatean gelditzea suertatuta ere.

Bertso saioa ordea, plaza librekoa zen.

Noski, nere bertso haiek ez zirela alferrikakoak izan, oraindik ere tarteka gusto haundiz irakurtzen bait ditut, baina momentu hartan ez zen agurra besterik salbatu.

Dinamikotasuna ezinbesteko elementu motibagarria

Bertso eskola batek aurrera egin dezan eta batipat bertsolari berrien iturri gerta dedin bertsotarako metodologia egoki bat eta batez ere ikasleen anbizio eta seriotasun minimo bat behar beharrezkoak badira ere, bertsolaria trebatu ahala jendaurrean jarduteko eta era berean trebatzeko aukera izatea posible egiten duen dinamikotasun bat ere ezinbestekoa da, hori sarri bertso eskolaren esku neurri bateraino bakarrik badago ere.